Maiatzaren 29an, KUTXAra: Onkologikoa auzotarrentzat

OSTEGUNA, MAIATZAREN 29an, KONTZENTRAZIOA KUTXAren AURREAN
Garibai kalean, 16:00tan
15:30tan PLAZA BERRItik abiatuko gara

Kutxak Egia auzoan kokaturik dagoen Onkologiko zaharraren eraikuntza hutsik mantendu du bost urte luzez, inongo erabilpenik eman gabe. Auzotarrok Kutxaren jarrera hau salatzen dugu: ez dago eskubiderik eraikin handi hau usteltzen uzteko, etekin ekonomikoa atera ezin diolako aitzaki bakarrarekin.

Egiako Auzo Batzarraren aldetik eraikin honi erabilpen soziala ematea aldarrikatzen dugu. Gure auzoan beharrezkoa dugu hau bezalako eremu zabal bat Auzoetxea egitasmoa gauzatzeko, bertan elkarlanean oinarrituriko proeiktu autogestionatuak aurrera eraman ahal izateko. Ez dugu horrelako beste leku egokirik auzoan.

Lotsagabea iruditzen zaigu Kutxak auzi honekin negozio espekulatiboa egin nahi izatea, eta jabego pribatuaren aitzakia jartzea guri Onkologikoaren funtzio sozialaren erabilera eragozteko.

Auzoetxe proiektua oso landuta dugu. Prest gaude, elkarrizketaren bidez, Kutxarekin eraikin honen erabilpena adosteko, beste zentzuzko aterabide sozialik ematen ez zaion bitartean.

Onkologikoa egiatarrontzat! Kutxa herriarena da! Onkologikoa herriarena da!

Advertisements

LARUNBATA 17an, DEIALDI BIKOITZA

GOGORATU, LARUNBAT HONETAN DEIALDI BIKOITZA, EDO DEIALDI BAT BESTEAN KIRIBILDUTA, EDO HARRI BATEZ BI KOLPE JO!

FRONTOIA ZABALIK NAHI ETA BEHAR DUGU
Aste batzuk dira lanean hasi ginela auzoko frontoia irekia izan dadin. Egiako frontoia da Donostia osoan, Atano eta Balda frontoiekin batera, itxiak diren bakarrak, beste auzo guztietan normaltasunez erabiltzen dira eta elkargune sozialerako, jolaserako, jaietako… espazio dira. Gurean ordea egunerokoan erabilpena oso zaila egiten zaigu, Urritik Maiatzera ordu gehienak alkilatuta daudelako, erabiltzeko ordaindu egin behar da, atea itxita egoten da eta kalean aurkitzen gara adibidez euri eta hotzetik babestu nahi dugunean, batzar bat egin nahi dugunean, haurrek jolastu nahi dutenean, bazkari bat antolatzean… Frontoi hau Atotxakoa bota zutenean auzotarrentzat eraikitzen zutela esan ziguten baina ez da horrela gertatu. Orain gu mobilizatzea tokatzen zaigu udal arautegia aldatu dadin presionatzeko. HORREGATIK LARUNBAT HONETAN FRONTOIA IREKITZEKO FESTA BAT EGINGO DUGU 11.00tan hasita PLAZA HAUNDIN.

Egitaraua:

11:00 – KALEJIRA AUZOKO KALEETATIK
11:30 – BARRENE HERRIKOIA ETA JOLASAK FRONTOIAN
12:00 – AUZO BATZARRA (umeentzako jolasak eta pailazoak frontoian)
13:30 – PINTXOAK ETA SAGARDOA

_____________________________________________________________

EA EA EA AUZOETXEA
BERRIRO ERE HEMEN GAUDE
Pasa den Maiatzaren lehenean Kutxa-ren jabetza den Onkologiko zaharra okupatu genuen auzotarrok. Gure helburua, azken hilabeteetan azaldu bezala, egiatarrok gure esparru ezberdinetan bizi eredu askatzaile eta autogestionatu bat garatzeko espazio bat bereganatzea zen eta da! Ordubete eskax iraun genuen bertan baina epe laburrez izan bazen ere askeago sentitu eta gertuago egon ginen gure helburuetatik. Kutxa desjabetu genuen horretarako herritar boterea baliatuz. Auzoak orain hobeto ulertzen du AUZO ETXEA proiektua zer den eta egunez egun bere egiten doa. Eta hau guztia hilabetetako lana zein ekintza zuzenari esker.
Bistakoa da gure helburua oraindik ez dugula lortu, beraz borrokan segi beharra dago. Horregatik Maiatzaren 17an Larunbata, ”Frontoi Ireki”-aren aldeko festa baliatu nahi dugu gure indarrak antolatu eta aktibatzen jarraitzeko AUZOETXE femenista, desobediente, antikapitalista, euskaldun, solidario, kulturarteko, hezitzaile… bat lortzeko.

BERAZ LARUNBAT HONETAN 12:00tan PLAZA HAUNDIN AUZOETXEAREN BIDEAN… AUZO BATZARRA!

AURRERA BETI, ATZERA GAIZKI, NORAEZEAN INOIZ EZ! AUZOETXEA GURE ETXEA

 

14-05-17 frontoia                   14-05-17 auzobatzarra

Maiatzaren 17a: jaia frontoian eta Auzo-Batzarra

Maiatzaren 17ko goizean, larunbatarekin, jaia egingo dugu Egian, azkenean Udalak onartu duelako frontoiaren erabilpen irekia Auzo Batzarrak eskatu zuen moduan, eta garaipen hori ere ospatu beharra dago!

Besteak beste, Barrene jokoa egongo da eta ondoren hamaiketakoa plazan.
Bide batez, Auzo-Batzar berezi bat egingo dugu Auzoetxearen proiektuarekin aurrera jotzeko plangintza zehazteko, maiatzaren 1eko Onkologiko zaharraren okupazioak izan zuen arrakastari jarraipena emanez.

Beraz, adi deialdiari!!!

(Oharra: Auzo-Batzarra prestatzeko bilera, maiatzaren 13an arratsaldeko 6retan, Plaza Haundin)

Prentsan agertutako bertsio poliziala zabaldu ostean, beharturik ikusten dugu geure burua bart gauean gertaturikoak argitzera emateko.

Atzo 5 urte hutsik zeramazkien Onkologiko zaharra okupatu zen Egiako Auzoetxea eraikitzeari begira. Denbora gutxian, ordea, Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu eta eraikina desalojatu zuten, bertan aurrez zeuden gazteak identifikatu eta atera ostean.

Desalojo hau salatzeko, Egiako hainbat kutxazainetan margoketak egin ziren. Ekintza horiek burutzen ari zirela, kalez jantzitako bi ertzain agertu eta haien buruen identifikaziorik eman gabe gazte baten atzetik hasi ziren korrika. Une horretan, soinean zeraman pintura potea lurrera bota ostean, ihesari eman zion, gerora atxilotua izan zelarik.

Bertsio polizialak, gazte honek pintura kalez jantziriko ertzainei bota ziela eta horrez gain, ertzainek beren burua identifikatu zutela dio. Beste behin ere muntai polizial baten aurrean gaudela salatu nahi dugu, Ertzaintzak gazte honen zigorra handitzea bilatzen duelarik.

Besterik gabe, zapalkuntzak zapalkuntza, egitarrok proiektu honetan sinesten jarraitzen dugula helarazi nahi dugu, eta lan honetan jarraituko dugula gure gune autogestionatua, Auzoetxea, errealitate bihurtu arte.

Muntai polizialik ez! Auzo bat, Auzoetxe bat!

Polloe Bizirik
Egiako Gazte Asanblada